22/10/2026
Migratzean, eguneroko bizitzako lotura batzuk urrun geratzen dira: ezagutzen gaituzten pertsonak, parte hartzen genuen lekuak eta laguntza eskatzeko sareak. Harreman berriak eraikitzeko denbora behar da. Komunitateak elkartzeko eta bertako parte sentitzeko aukerak eskaintzea ere beharrezkoa da.
Ikuspegi horretatik ari gara garatzen Loturak ehuntzen proiektua Irunen. Adinberri-Hariak programaren miaketa-proiektuen lerroan hautatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak bultzatzen du programa, nahi ez den bakardadea prebenitzeko eta hari aurre egiteko. Irungo Udalaren lankidetzarekin ari gara lanean, eta guk kudeatzen dugun udaleko kulturarteko bizikidetza programan oinarritzen gara.
Ikasturte honen hasieran, proiektuaren garapena aurkeztu genuen Adinberriren Miramongo egoitzan, Donostian. Ainhoa Becerrarekin, Adinberri Fundazioko Berrikuntzako arduradunarekin, eta Mikeldi Zeberiorekin, Hariak Hubeko aholkulariarekin, bildu ginen. Bitar-basken izenean, Zuriñe González Irungo kulturarteko bizikidetza programaren koordinatzaileak eta Asier García Real elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak parte hartu zuten. Plangintza elkarrekin aztertu genuen, baita proiektuari nola lagundu eta haren jarraipena nola egin ere.
Lehen fase honetan, pertsona migratuen esperientziak eta udalerriko eragileen ikuspegia jasotzen ari gara: zer babes-sare dauden, non sortzen diren harremanak eta zerk zailtzen duen parte hartzea. Horrekin, baliabideen eta loturen mapa osatzen ari gara. Aldi berean, bost topaketa diseinatzen ari gara hainbat auzotan, batez ere azaroan egiteko. Irungo mapa kolektibo bat sortzea, kafe baten inguruan interes komunak aurkitzea edo inguruko espazioak elkarrekin ezagutzea dira aztertzen ari garen aukeretako batzuk. Jasotzen ari garen informazioak lagunduko digu auzo bakoitzerako proposamen egokienak aukeratzen.
2027aren hasieran, emaitzen berri eman eta herritarrekin kontrastatzeko bi topaketa aurreikusten ditugu auzoetan, baita erakundeetako ordezkariek parte hartuko duten aurkezpen publiko bat ere. Ikasitakoa Hariak ekosistemarekin partekatuko dugu: zerk laguntzen duen lehen topaketa baten ondoren harremanek jarraipena izan dezaten.
Ilusio handiz ari gara komunitatean oinarritutako erantzun hau eraikitzen, Adinberri, Hariak Hub, Irungo Udala eta herritarrekin batera.