Hainbat proiekturen bidez, emakumearen ahalduntzea eta berdintasuna sustatu nahi dugu, gizartean, familian eta bi kulturen elkarbizitzan. Lorpen horietara iritsi ahal izateko, garrantzia handia du emakume ijitoen formakuntza eta hastapen soziolaboralerako sarbideak eta, bereziki, gure seme-alaben eskolatzeak. Era berean, gure kultura erakutsi nahi dugu, bi kulturenganako dauden estereotipoak errot
ik kendu ahal izateko. Gure egoitza soziala Donostian egon arren, gure lana lurralde osora zabaltzea nahi dugunez, elkarteko kide dira Gipuzkoa osoko hainbat emakume ijito ere; esaterako, Zumarragakoak, Hernanikoak, Andoaingoak, Errenteriakoak, Irungoak, Donostiakoak, e.a. Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako EAEko Euskal Kontseiluko partaide gara. EAE mailan Emakunderen emakume foroan parte hartzen dugu, eta lurraldea baino haragoko hainbat elkarterekin proiektu komunak abian jartzen ari gara. ZER EGITEN DUGU?
1.-EMAKUME TALDEA
Emakume taldeak emakume ijito eta ez ijitoen arteko espazio bat sustatu nahi du, bizipen pertsonal eta sozialak partekatu; hala nola, beldurrak, elkarbizitzari dagozkion estereotipoak, hezkuntza, eskola, osasuna eta lana. Prozesu horretan laguntzeko ekintzak antolatzen ditugu, besteak beste, taillerrak, hitzaldiak, paseoak eta ibilaldiak. Jarduera horiek elkartzeko espazio bat dira, bultzada bat emateko eta, gehienbat, gure autoestimua hazten laguntzeko. Taldeak Donostia eta Ordizian elkartzen dira.
2.- GIZARTE HEZKUNTZAKO ETA ADINGABEKOEN ESKOLA LAGUNTZARAKO JARDUERAK
Romi Bidean Elkarteak ijito kulturako familietan eskolatzearen garrantzia sustatzeko lana egiten du. Zuzeneko lana bi norabidetan egiten da, familiekin, haurrekin eta eskolekin. Proiektu honen bidez, haurren eskolatzean motibatzen, sustatzen eta laguntzen saiatzen gara; baita eskolatzeak eragina duen alderdi guztietan ere. Finean, eskola eta gizarte mailako gizarteratze baten alde lan egiten dugu.
3.- IJITO GAZTEENTZAKO GIZARTERATZE PROGRAMA
Programa hau gazteentzako gizarte-hezkuntzako gune bat da; emakume gazte nerabeak elkartzeko leku bat eskaintzen du, eta bizi duten egoera partekatzeko eta beren kezkak argitzeko aukera ematen du. Hainbat ekintza egiten ditugu, eta guztietan lantzen ditugu motibazioa, autoestimua, talde-harremanak, lanbide-orientazioa, eskolatzearekin jarraitzeko motibazioa, e.a.
4. GIZARTEAN IJITO EMAKUMEAREN ZEREGINARI BURUZKO FORMAZIOA, HAUSNARKETA-SAIOAK ETA ELKARRIZKETAK
Urtero, Donostian, bi eguneko jardunaldiak egiten dira. Lehenengo eguneko saioa herritar guztientzat irekia izaten da, eta kultur aniztasunaren topaketa eta elkarbizitzarako gune izaten da. Ijito-herriaren egungo egoeraren berri eman nahi izaten dugu. Bigarren saioa, ordea, barrura begirakoa izaten da; lehenengo egunean parte hartu duten adituekin, gure bazkide eta emakumeek solasaldia izaten dute.
5.- ROMA ASENTAMENDU TXABOLISTETAN ESKU-HARTZEKO PROGRAMA
2012ko uztailean hasi zen Astigarraga eta Hernaniko Roma txabola-asentamenduetako heziketan esku-hartzeko proiektua. Helburua asentamendu horietan bizi diren romen gizarteratzea da, eta horretarako beharrezko diren arloak lantzen ditugu. Proiektuak 5 urteko iraupena du, eta 2017an amaituko da.